Eremu ez formaletan ere euskarak izan behar duen garrantzia azpimarratzen dute
Euskararen Nazioarteko Egunari begira Euskadiko erakunde guztiek adostutako adierazpenaren arabera
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, data garrantzitsua, zalantzarik ez. Iazko ospakizuna, pandemia zela medio, etenaldiarekin moztu behar izan zen baina aurten indarberrituta dator. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako Udalek, Eudelek eta UEMAK adierazpen instituzional bat adostu dute, ‘Euskara lanabes, aro berrirantz. Erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere, euskerak arnas berri’ izenburupean adostutako adierazpena hain zuzen ere.
Izan ere, osasun krisi honek “agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, zenbaterainoko balio eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari; orain, jakiteaz gain, sentitu ere egiten dugun errealitate hori: sakon-sakoneraino barneratu dugu komunikazioaren, harremanaren funtsezkoena. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusienetako bat. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkorki. Tinko”, azpimarratzen du adierazpenak.
Gainera, “hizkuntzaren erabilera formalekin batera, eremu ez formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez. Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur, edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Ezin dizkiogulako euskarari ukatu gorputz eta espirituaren atseden eta gozamenari lotzen zaizkion eremu horiek. Eta hor aurrera egiteko, hiztunen konpromisoak ez ezik ezinbestekoa izango da instituzioak egin behar dugun ahalegina: bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz”.
Izan ere, aisialdi eta kirolaren eremuek badituzte, bestalde, berezko ezaugarri baliotsuak hizkuntza erabiltzeko ohituren aldaketari dagokienez, eta askotariko antolakuntzarako joera dute (klubak, federazioak, elkarteak, taldeak…). “Nekez bilatuko genuke esparru egokiagorik gazteengana iristeko, euskararen erabilera ez formalari berebiziko bulkada emateko, partaide gazte zein ez hain gazteengan euskararantz urrats eraginkorra egiteko gogoa aktibatuz. Horra, beraz, eginkizuna”, gaineratzen du adierazpenak.
Beraz, “aukera paregabea dugu normaltasun berri baterako bidearen hastapen honetan berreskuratzen ari garen eta asmatuko ditugun harreman eta erabilera-eremu berrietarako euskara, bidelagun ez ezik, lanabes eraginkor bilakatzeko. Guztion esku dago. Euskara prest dugu; gure gizartea, gogotsu; gure herria, erabakia hartuta. Abia gaitezen”, gonbidatzen du adierazpen instituzionalak.